ANIZTASUNA
IPUINETAN ERE!
Gelan landu genituen ipuin ezberdinek aniztasuna lantzeko aukera asko ematen
dizkigute, batzuk beste batzuek baino gehiago. Aniztasunarekin lotuta, gai
ezberdinak jorratzen dira, hortaz, baliagarria eta interesgarria iruditzen
zaigu ipuinak Haur Hezkuntzan erabiltzea haurrei balioak transmititzeko.
Horretarako, garrantzitsua da gaiak eta ipuinak ondo aukeratu eta aztertzea,
hauen balorazioa egitea eta behin gelan lantzeko balio dutela eta prest
ditugula erabakitzean praktikan jartzea.
Lanketa hau egin ahal izateko ez da soilik beharrezkoa edukia (testua)
ilustrazioak ere pisu handia du. Honen bitartez, haurrek gaiari buruzko
ulerkera askoz modu errealagoan barneratzen dute, letrak irakurtzen ez
jakin arren, irudiak interpretatzen badakitelako. Irudien koloreak eta formak
zaindu behar dira emozioen lanketan laguntzen baitute, emozioak kolore tonuekin
erlazionatu ditzakete. Bestetik, ipuinak irakurtzea edo kontatzea bi kontzeptu
desberdin dira, batetik testuak dakarrena literalki helaraztea eta bestetik
geure hitzekin liburuak dakarrena adieraztea geure moldaketak eginez eta
entzulearen arreta geureganatuz.
Haur
eta gazte literaturak aniztasunaren inguruko ideia zabaltzen zein garatzen
laguntzen digute gai desberdinak jorratuz; familia eredu ezberdinak (Tango iritsita, hiru
dira edo Arraroa), errefuxiatuak nola utzi behar duten beraien herrialdea edo
etxea (Bidaia
luzea), generoetatik sortze diren estereotipoak haustea eta LGTB
kolektiboarekiko errespetua zein onarpena (Ni Nerea naiz edo
Jazz), emakumeari urte luzeetan zehar atxikitu zaizkion estereotipoak
hautsi (Hamahiru
andere ausart), talde pertenentzia eta homogeneotasunarekin haustea (Elmer, Munstro
Arroxa, Txori horia edo Zuria izan nahi zuen hartza), nahiz eta bi
errealitate desberdinetan bizi denok bizikide gara, denok gizartearen parte
izanez (Goikoak
eta behekoak) edo maila sozioekonomiko desberdinak
adieraziz (Tximeleta
belarriak).
Nahiz
eta guk sailkapen hau egin, esan beharra dago ipuin bakoitzak balore eta
ezagutza zehatz bat baino gehiago transmititzen dituela. Hori dela eta,
ezinbestekoa da liburua haurrei zuzendu aurretik irakasleak liburuaren
azterketa bat egitea, transmititu nahi dituen baloreak azpimarratuz eta hauei
garrantzia emanez edota beharrezko aldaketak eginez, mezu negatiboak ekiditeko.
Adibidez, Zuria
izan nahi zuen hartza liburuan honela zioen “Amak garbitu ninduen” zaintza
emakumearen rolari atxikituz.
Ikasgelara
lanketa bat egiteko eramango genukeen liburua Elmer izango
litzateke. Liburuak elefanteetan ere homogeneotasunik ez dela existitzen
azaltzen du modu batean. Elmer kolore askoz osaturiko elefantea da, eta beraz,
arrazoi horrengatik desberdina sentitzen da, ez delako gainerako elefante
guztiak bezalako kolorekoa.
Arraza
ezberdineko edota azal kolore zein itxura fisiko ezberdineko jendea dagoela
adierazi genezake liburu honen lanketan sakonduz, haurrei ulertaraziz denok ez
garela zuri kolorekoak, edota itxura fisiko berdinekoak.
Haurrekin
gela barruan hau landu ahal izateko, honako ideia hau bururatu zaigu: haurrei
elefante bat marrazteko esango genieke, bakoitzak berak deritzon bezalakoa,
bakoitzarentzat elefantea zer den ezberdina izango delako; denek interpretazio
ezberdina egingo dute seguruenik, eta ilustratu ere ezberdin. Ondoren,
elefantea koloreztatzeko eskatuko genieke, beraiek erabakiz bakoitzaren
elefanteak zein kolore izango duen edo dituen. Hor ere, nabarituko da,
bakoitzak pertzepzio bat duela, eta hortaz denak direla desberdinak.
Ariketa
aprobetxatuko genuke, haurrak konturatu daitezen beraiek marraztutako
elefanteen artean ere desberdintasunak daudela, bakoitza den bezalakoa dela eta
hori dela bakarra egiten duena. Gizakiok ere halaxe garela konturatuko dira
metafora horren bitartez. Kasu honetan elefanteekin egiten da lanketa, baina
izan daiteke beste edozerekin egitea ere.