NAIZEN. HAUR ETA NERABE TRANSEXUALAK
Transexualitatea
zer den, denok entzun dugu maila batean ala bestean, baina horren inguruan
zehazki eta sakon gutxitan hitz egin izan dugu, gaia nahiko tabua izan baita ez
oso denbora gutxi arte. Hortaz, batzuk gaiaren inguruko informazio gehiagorekin
eta beste batzuk gutxiagorekin joan ginen Naizen elkarteko kideen hitzaldia
entzutera. Naizen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako haur eta nerabe adingabe
transexualen familien elkartea dugu. Bertan hainbat haur eta gaztek aurkitzen
dute babesa beraien identitatea eraikitzen daudelarik, aldaketez beteriko
prozesu batean.
Haur
hauen egoera ez da batere erraza, izan ere, jendarteak estereotipo zein rol
anitz atxikitzen dizkigu neskak femeninoak eta mutilak maskulinoak izan behar
garela inposatuz. Beraz, sexismoa ematen dela ezin daiteke ukatu. Ez da beraz
egoera erraza, euren identitatea bilatzen dutelako, eta horrek zakila duten
neskak edo alua duten mutilak izatea dakarrelako.
Haurra
jaiotzen den unetik modu batera edo bestera hazten zein hezten dugu.
Ondorioz, generoa estereotipoez (arropa
esaterako) adierazteko beharra ikusten dute haur hauek, beldurra baitute arropa
bat edo beste jartzeagatik, besteek bera sentitzen ez den sexu batekin
identifikatzeari. Arroparen bidez oihukatzen dute sentitzen dutena, eurak
direna, onarpena bilatuz, hainbat gauza erreprimituz. Aldiz, jendeak onartzean
hori oihukatzeari uzten diote, entzunak izan nahi dute besterik gabe, eta diren
bezalakoak onartzea, guztiok nahi dugun bezalaxe. Nor gara bada gu norbaiten identitatearen
inguruan erabakiak hartzeko?
Prozesu
guzti horretan oso garrantzitsua da gurasoen rola. Bada, gurasoak haurren
sexualitatea onartzea beharrezkoa da haurra onartu nahi bada. Haurraren
bidelagun izan behar dute gurasoek, entzunez eta errespetatuz, bidean lagunduz
eta aukerak emanez; baina ez beraien sexu identitatea aukeratuz, hori inolaz
ere ez. Hortaz, oraindik ere lan handia dago aurretik eta ezinbestekoa da
gurasoengandik hastea, hauek kontzientziatuz beraien haurrak diren bezalakoak
onartu eta maitatu behar dituztela argi utziz, haur guztiek behar dutena horixe
baita. Beraz, definitu behar direnak gurasoak dira, eta ez haurrak; haurrek
badakite zer, nola, noiz… nahi duten.
Ezin diogu uko egin begiradaz eta
honek dakarren epaiketaz inguraturik dagoen jendartean bizi garela. Ondorioz,
norberak izan nahi duena edo egiten duena epaitzen dugu uneoro, gizarte honetan
erabaki dugulako hainbat gauza “normatibotik” ateratzen direnak gaizki daudela.
Erabaki horri buelta eman beharra dago. Bakoitzak egin dezala nahi duena,
gainerakoei oztopatu gabe, egiten utziz; norberak nahi duen bezalakoa izatea
onartu eta errespetatu behar dugu, horrek ez baitio inori minik egiten. Gu ez
baikara inor norbaiten identitatearen eraikuntzari uko edo mespretxu egiteko.
Lehenago aipatu bezala, etiketek edo
estereotipoek pisu handia dute jendartean, horrekin batera epaitzen dugulako
jendea. Gauza bat da guk, kanpotik, nola ikusten dugun jendea; alegia, itxura
fisikoa. Eta beste bat, nolakoa den pertsona, zer sentitzen duen, nola
sentitzen den. Aurreiritziek duten abantaila ukaezina da, sailkapen bat egiten
dugu begi bistan eta momentuan ikusten dugunaren arabera.
Kasu
honetan, gizon emakume binarismoa guztiz barneratua dugu, baita horrek dakarren
esandako etiketa eta esteoreotipoen kontrola ere. Binarismoan eroriz gero,
intersexualitatea baztertu egiten dugu, ezaugarri jakin batzuk ezarriz bai
emakume zein gizonezkoei. Intersexualitatea beharrezkoa dela deritzogu; izan
ere, denok ditugu ezaugarri maskulino eta femeninoak. Ez dago ezaugarri
femeninoa soilik emakumearentzat edota alderantziz. Gauza ez da zuria edo
beltza, baizik eta erdibidean dauden kolore guztiak ere hor daude, eta kontuan
hartu beharrekoak dira.
Transexualitatea
gaur egun ere oraindik zenbait lekutan onartu gabe dagoen kontzeptua da,
gaixotasun bat izango balitz bezala hartuz. Datu interesgarri bezain gordina
dugu honako hau: neska/mutil transexualen bitik bat bere buruaz beste egiten saiatu
da noizbait. Gure jendarte ustel eta krudelaren isla dugu hau. Ez ezazu
begiratu beste alde batera. Bai, bitik bat, irakurri duzun bezala. Zer
pentsatua eman dizu ezta? Bada, badakizu, onartu ezazu zeure burua, onartu
itzazu beste guztiak eta orduan hasiko gara elkar ulertzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario